Euskadiko arrantzaleek ahalegin berezia egingo dute ahalik eta hegaluze gehien Eusko Labelarekin identifikatzeko

Azkeneko urteetan konpetentzia handia dago, kanpotik etortzen den produktua gero eta gehiago delako. Arrantzaleak azkenaldian salatzen ari dira kanpoko hegaluze eta hegalaburra hemengoa bailitzan saldu nahian dabiltzala prezio merkagoan eta horrek kalte handia egiten die bertako arrantzaleei. Egoera horren aurrean, eta Euskadiko arrantzaleen lana babesteko helburuarekin ezinbestekoa ikusten da hegaluzearen eta hegalaburraren identifikazioa.

Zentzu horretan aurreko kanpainetako bideari beste bultzada bat eman nahi zaio ahal den hegaluze eta hegalabur guztia Eusko Label bereizgarriarekin identifikatuz. Horrela, arraindegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin eta erosi ahal izango dute euskal arrantzaleek harrapatutako arraina. Horixe de hain zuzen ere martxoaren 8an Abadiñon, Kalitatea Fundazioaren egoitzan Batzorde Profesionalak hartutako erabakia.

Helburu hori lortzeko arrantza sektoreko ordezkariek azpimarratu zuten deskarga orduan jartzeko errazagoa den bereizgarri bat bilatzeko ahalegina egin behar zela, ahal izanez gero sistema mekanizatuz.

Hegalaburren egoeraren inguruan ere hitz egin zuten bilera horretan; izan ere, espezie horren arrantzak %40ko murrizketa izango du. Hasiera batean, egoera horrek ez dio eragingo identifikazioaren kontuari eta 2007an hasitako bideari jarraituz beharrezkoa izango da Hegalabur guztia identifikatzea.

Bestalde, sektoreak ahobatez ondo ikusi zuen arrantza Ekoetiketatzea-arrantza jasangairriaren egiaztapena. Denak ados daude eta uste dute araudi horretan ageri denaren arabera burutu behar dela egiaztapena.